Ekimena euskara ikasten ari diren edo hizkuntza hobetu nahi duten pertsonei zuzenduta dago, eta eguneroko elkarrizketak biltzen dituzten 50 atal labur eskainiko ditu.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ‘Hitzerraz’ EITB Audioren bideopodcast berriaren aurkezpenean parte hartu du gaur, Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariarekin eta Jokin Azkue HABEko zuzendariarekin batera.
Gaur bertan GUAU plataforman estreinatu den proposamena A2-B1 mailako ikasleei zuzenduta dago. 6 eta 8 minutu arteko 50 atal izango ditu, astero argitaratuko direnak. Izaro Arrutik eta Dylan Inglisek eguneroko bizitzako gaiei buruzko elkarrizketa hurbil eta entretenigarriak izango dituzte, ahozko ulermena indartzeko eta euskaraz aritzeko konfiantza irabazten laguntzeko.
Aurkezpenean, Bengoetxeak euskarara hurbiltzeko aukera berriak eskaintzearen garrantzia azpimarratu du: “Ez da nahikoa herritarrei euskara ikasteko esatea. Erakundeok bide hori erraztu behar dugu, baliabide gehiago eta ikasteko zein praktikatzeko modu berriak eskainiz”.
‘Hitzerraz’ ohiko ikaskuntza-baliabideen osagarria da. HABEren laguntzarekin garatutako proiektua euskararen presentzia eguneroko bizitzan zabaltzeko helburuaren barruan kokatzen da, baita eduki digitalen eta entretenimendu-formatuen bidez ere.
Atalak GUAU plataforman eta YouTube, Spotify, Apple Podcasts eta iVoox kanaletan egongo dira eskuragarri.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)