Lanaldi-murrizketa
DESKRIBAPENA
Lanaldi-murrizketa Langileen Estatutuaren (LE) 37.5, 37.6, 37.7 eta 37.8 artikuluetan arautzen da. Lan-denbora murriztean datza, soldata proportzio berean murriztuta, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko behar jakin batzuei erantzuteko, bai eta babesarekin eta gizarte-laguntza integralarekin lotutako zenbait egoeratan ere.
Lan-eremuan, familia- eta zaintza-arrazoiengatik lanaldia murrizteko honako kasu hauek aurreikusten dira:
Legezko zaintzagatik edo senideak zuzenean zaintzeagatik (LEren 37.6 artikulua)
Langileek eguneko lanaldia zortziren batetik (%12,5) erdira (%50) bitartean murrizteko eskubidea izango dute, soldata proportzio berean murriztuta, honako kasu hauetan:
-
Legezko zaintza dela-eta, 12 urtetik beherako adingabeak edo ordaindutako jarduerarik egiten ez duten desgaitasuna duten pertsonak zuzenean zaintzeko.
-
Ezkontidea, izatezko bikotekidea edo odol- nahiz ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak zuzenean zaintzeko, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasuneko senideak barne, baldin eta, adina, istripua edo gaixotasuna dela-eta, beren kabuz moldatu ezin badira eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute.
-
Zainketa aringarriak behar dituzten ezkontidea, izatezko bikotekidea edo odol- nahiz ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak zuzenean zaintzeko, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasuneko senideak barne.
Gizarte Segurantzako kotizazioetan dituen ondorioak
Lanaldi-murrizketaren lehenengo hiru urteetan, Gizarte Segurantzako kotizazioak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira, erretiroagatiko, ezintasun iraunkorragatiko, heriotza eta biziraupenagatiko eta adingabearen jaiotza eta zaintzagatiko prestazioei dagokienez.
Era berean, langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, kotizazio-oinarriak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira.
Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen pertsona zaintzeagatik (LEren 37.6 artikulua)
Gurasoak, adopzio-helburuko zaintza duen pertsonak edo harrera iraunkorra egin duen pertsonak lanaldia gutxienez %50 murrizteko eskubidea izango du, soldata proportzio berean murriztuta, bere ardurapean dagoen pertsona zaintzeko, minbiziak edo beste gaixotasun larri batek eragindako ospitaleratzeak edo tratamendu jarraituak irauten duen bitartean.
Zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan beharko du, eta haren beharra autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzu publikoaren txostenaren bidez egiaztatu beharko da.
Eskubidearen iraupena
-
Oro har, eskubideari eutsi ahal izango zaio zaintza behar duen pertsonak 18 urte bete arte.
-
Eskubidea 23 urte bete arte luzatu ahal izango da, baldin eta gaixotasuna adin-nagusitasunera iritsi aurretik diagnostikatu bada eta gaixotasunak nahiz ospitaleratzeko edo tratamendu medikoa eta zaintza jasotzeko beharrak bere horretan jarraitzen badute.
-
Eskubidea lehen aldiz ere aitortu ahal izango da 18 urte bete ondoren eta 23 urte bete arte, baldin eta gaixotasuna adin-nagusitasunera iritsi aurretik diagnostikatu bada eta gainerako betekizunak betetzen badira.
-
Eskubideari 26 urte bete arte eutsi ahal izango zaio, baldin eta zaintza behar duen pertsonak, 23 urte bete aurretik, %65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila egiaztatzen badu.
-
Salbuespenez, eskubideari 26 urte bete ondoren ere eutsi ahal izango zaio, baldin eta zaintza behar duen pertsonak %65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila egiaztatzen badu edo III. graduko mendekotasuna aitortuta badu, lanaldi-murrizketaren onuradunarekin bizitzen jarraitzen badu eta zaintza zuzen, jarraitu eta iraunkorraren beharra egiaztatzen jarraitzen bada.
Eskubidea baliatzea
Bi gurasoei, adopzio-helburuko zaintza duten bi pertsonei edo harrera iraunkorra egin duten bi pertsonei aitortu ahal izango zaie pertsona bera zaintzeko lanaldia murrizteko eskubidea, txandaka edo aldi berean baliatzeko.
Familia-unitate berean ezarritako betekizunak betetzen dituen ardurapeko pertsona bat baino gehiago dagoenean, bi gurasoei, adopzio-helburuko zaintza duten bi pertsonei edo harrera iraunkorra egin duten bi pertsonei aitortu ahal izango zaie lanaldia murrizteko eskubidea, baldin eta bakoitzak bere aldetik eskatutako betekizunak betetzen baditu eta lanaldi-murrizketa pertsona desberdinak zaintzeko erabiltzen bada.
Ezkontza-deuseztasunaren, banantzearen, dibortzioaren edo izatezko bikotearen desegitearen kasuan, edo genero-indarkeriaren biktima izatea egiaztatzen denean, zaintza behar duen pertsonarekin bizi den gurasoari, adopzio-helburuko zaintza duen pertsonari edo harrera egin duen pertsonari aitortuko zaio eskubidea, betiere gainerako betekizunak betetzen baditu.
Zaintza behar duen pertsona ezkontzen bada edo izatezko bikotea eratzen badu, haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak eskubide hori baliatu ahal izango du, ezarritako betekizunak betetzen baditu.
Hitzarmen kolektiboek ezarri ahal izango dute zer baldintzatan eta kasutan metatu ahal izango den lanaldi-murrizketa hori lanaldi osoetan.
Gizarte Segurantzako kotizazioetan dituen ondorioak
Lanaldi-murrizketak irauten duen denbora osoan, Gizarte Segurantzako kotizazioak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira, honako prestazio hauei dagokienez: erretiroa, ezintasun iraunkorra, heriotza eta biziraupena, adingabearen jaiotza eta zaintza, haurdunaldiko arriskua, edoskitzaro naturaleko arriskua eta aldi baterako ezintasuna.
Era berean, langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, kotizazio-oinarriak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira.
Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoa
Lanaldi-murrizketa hori baliatzen duten pertsonek Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoa jaso ahal izango dute, ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Prestazio horren helburua lanaldi-murrizketaren ondoriozko diru-sarreren galera konpentsatzea da.
Oro har, prestazioa laneko kontingentzien ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prestazioari dagokion oinarri arautzailearen %100eko subsidioa izango da, lanaldi-murrizketaren ehunekoaren proportzioan.
Bi gurasoek, adopzio-helburuko zaintza duten bi pertsonek edo harrera iraunkorra egin duten bi pertsonek pertsona bera zaintzeko lanaldi-murrizketa aldi berean baliatzen badute eta prestazioa jasotzeko eskubidea badute, bakoitzak bere oinarri arautzailearen %50eko subsidioa jasoko du, baliatzen duen lanaldi-murrizketaren ehunekoa edozein dela ere.
Guraso bakarreko familietako pertsonek ere prestazio hori jaso ahal izango dute, legez ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Ospitaleratzearen pareko egoerak
Prestazio ekonomikoak ospitaleratzerik izan gabe ere minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen pertsonak intentsitate bereko tratamendu medikoak behar dituen egoerak hartzen ditu barne.
2027ko urtarrilaren 5etik aurrera, azaroaren 4ko 957/2026 Errege Dekretuak berariaz garatuko ditu prestazio ekonomiko hori aitortzeko ondorioetarako ospitaleratzearen parekotzat jo ahal izango diren egoerak:
-
Etxeko ospitaleratzea.
-
Tratamendu anbulatorioak edo jarraituak.
-
Terapia espezializatu eta konplexuen ondoriozko etxeko zaintzak.
-
Medikuaren aginduz zuzenak, jarraituak eta iraunkorrak izan behar duten bestelako etxeko zaintza konplexuak.
Egoera horiek ospitaleratzearen parekotzat jo ahal izateko, dagokion mediku-adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Era berean, ospitaleratzerik ez izateak osasun-sistemaren irizpide kliniko, terapeutiko edo antolakuntzakoetan oinarrituta egon beharko du, eta ez beharrezko zaintzen intentsitate txikiagoan.
Garaiz aurreko jaiotzagatik edo erditu ondorengo ospitaleratzeagatik (LEren 37.5 artikulua)
Garaiz aurreko jaiotzaren kasuan edo, beste edozein arrazoi dela-eta, alabak edo semeak erditu ondoren ospitalean jarraitu behar badu, langileek ordubetez lanetik irteteko eskubidea izango dute, soldata murriztu gabe.
Era berean, lanaldia gehienez bi orduz murrizteko eskubidea izango dute, soldata proportzio berean murriztuta.
Langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, kotizazio-oinarriak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira.
FUNTZIONAMENDUA
Familia- eta zaintza-arrazoiengatiko lanaldi-murrizketa legez ezarritako betekizunak betetzen dituzten langileen eskubidea da.
Langileari dagokio ordutegia zehaztea eta lanaldi-murrizketa baliatzeko aldia ezartzea, bere ohiko lanaldiaren barruan.
Hala ere, hitzarmen kolektiboek LEren 37.6 artikuluan aurreikusitako lanaldi-murrizketen ordutegia zehazteko irizpideak ezarri ahal izango dituzte, bai langileek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko dituzten eskubideak, bai enpresen ekoizpen- eta antolaketa-beharrak kontuan hartuta.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, langileak 15 egun lehenago edo aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako epean jakinarazi beharko dio enpresari lanaldia murrizteko asmoa, lanaldi-murrizketaren hasiera- eta amaiera-datak adierazita.
Ordutegia zehazteari edo lanaldi-murrizketa baliatzeko aldiei buruz enpresaren eta langilearen artean sor daitezkeen desadostasunak jurisdikzio sozialaren aurrean ebatziko dira, Jurisdikzio Soziala arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 139. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez.
Zaintzarekiko erantzunkidetasuna
LEren 37.6 artikuluan aurreikusitako lanaldia murrizteko eskubidea baliatzean, emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea hartuko da kontuan, genero-rolak eta -estereotipoak betikotzea saihestuz.
Lanaldi-murrizketa kontziliazio-neurri bat da, eta, erantzunkidetasunez baliatzen denean, familia- eta zaintza-erantzukizunak modu orekatuagoan banatzen lagun dezake.
Lanaldi-murrizketaren eta lanaldi-egokitzapenaren arteko aldea
Lanaldi-murrizketak lan-denbora eta soldata murriztea dakar. Lanaldi-egokitzapenak, berriz, LEren 34.8 artikuluan araututakoak, lanaldiaren iraupena eta banaketa, lan-denboraren antolaketa edo lana egiteko modua, urrutiko lana barne, aldatzeko eskaera egiteko aukera ematen du, eta ez dakar nahitaez lan-denbora edo soldata murriztea.
Lanaldia egokitzeko eskaera egiteko eskubideak honako pertsona hauen zainketa aringarrien beharrak ere hartzen ditu barne: 12 urtetik gorako alabak eta semeak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea, odol-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak eta langilearekin bizileku berean bizi diren mendekotasuna duten beste pertsona batzuk. 12 urtetik beherako alaben eta semeen zaintza-beharrak, oro har, eskubide horren barruan daude dagoeneko.
Langileak zaintza-behar horiengatik lanaldia egokitzeko eskaera oinarritzen duten inguruabarrak justifikatu beharko ditu.
BABESTUTAKO KASUAK
Babes- eta gizarte-laguntza integraleko arrazoiengatiko lanaldi-murrizketa (LEren 37.8 artikulua)
Genero-indarkeriaren, sexu-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima diren langileek, beren babesa edo gizarte-laguntza integrala jasotzeko eskubidea gauzatzeko, lanaldia murrizteko eskubidea izango dute, soldata proportzio berean murriztuta. Era berean, lan-denbora berrantolatzeko eskubidea izango dute, ordutegia egokituz, ordutegi malguak aplikatuz edo enpresan erabiltzen diren lan-denbora antolatzeko bestelako moduak baliatuz.
Halaber, lana osorik edo zati batean urrutitik egiteko edo, ezarritako lan-modalitatea hori bada, urrutitik lan egiteari uzteko eskubidea izango dute, betiere lanpostuarekin eta betetzen dituzten eginkizunekin bateragarria bada.
Eskubide horiek hitzarmen kolektiboetan, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioetan edo enpresaren eta eragindako langileen arteko akordioetan ezarritako baldintzetan baliatu ahal izango dira.
Akordiorik ezean, eragindako langileei dagokie eskubide horiek baliatzeko modua zehaztea, LEren 37.7 artikuluan aurreikusitako arauen arabera, desadostasunak ebazteari buruzkoak barne.
Langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, kotizazio-oinarriak lanaldia murriztu ez balitz zegokien zenbatekoaren %100ean zenbatuko dira.
ENPRESAN AURKEZTEKO ESKAERA-EREDUA
Enpresan aurkezteko lanaldi-murrizketaren eskaera-eredua deskargatzeko, egin klik hemen.
Azken aldaketako data:
