Lanaldia egokitzea
DESKRIBAPENA
Langileek lanaldiaren iraupena eta banaketa, lan-denboraren antolaketa eta lana egiteko modua egokitzeko eskubidea dute, urrutiko lana barne, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateragarri egiteko.
Horrek ez du esan nahi eskatutako egokitzapena automatikoki onartu behar denik, baina enpresak eskaera negoziatu behar du, eta proposamena onartzen ez badu, erabakia justifikatu beharko du.
Eskatutako egokitzapenek arrazoizkoak eta proportzionatuak izan behar dute, langilearen beharrak eta enpresaren antolaketa- eta ekoizpen-beharrak kontuan hartuta.
FUNTZIONAMENDUA
Langileek lanaldiaren egokitzapena eskatu ahal izango dute, seme-alabek hamabi urte bete arte, familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko.
Halaber, honako pertsona hauek zaintzeko beharrak dituzten langileek ere eskubide hori izango dute:
-
Hamabi urtetik gorako seme-alabak.
-
Ezkontidea edo izatezko bikotekidea.
-
Langilearen bigarren mailara arteko odolkidetasuneko senideak.
-
Beste mendeko pertsona batzuk, betiere langilearekin etxebizitza berean bizi badira.
Kasu horietan, zaintza behar duen pertsonak egoera hauetako batean egon behar du:
-
Adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatzeko gai ez izatea.
-
Zainketa aringarriak behar izatea.
Langileak eskaeraren oinarri diren inguruabarrak justifikatu beharko ditu.
Negoziazio kolektiboaren bidez eskubide hori erabiltzeko baldintzak ezarri ahal izango dira, sexuagatiko zuzeneko edo zeharkako diskriminaziorik ez dagoela bermatuz.
Negoziazio kolektiboan berariazko arauketarik ez dagoenean, langileak lanaldiaren egokitzapena eskatzen duenean, enpresak negoziazio-prozesu bat hasi beharko du ahalik eta azkarren, gehienez 15 eguneko epean. Epe hori igaro eta enpresak ez badu berariazko eta arrazoitutako aurkakotasunik adierazi, eskaera onartutzat joko da.
Negoziazio-prozesua amaitutakoan, enpresak idatziz jakinaraziko du hartutako erabakia. Erabakia honako hauetako bat izan daiteke:
-
Eskaera onartzea.
-
Langilearen kontziliazio-beharrei erantzuteko beste proposamen bat aurkeztea.
-
Eskaera ukatzea.
Beste proposamen bat aurkezten badu edo eskaera ukatzen badu, enpresak erabakia justifikatu beharko du, arrazoi objektiboak emanez.
Langileak aurreko lan-baldintzetara itzultzeko eskubidea izango du adostutako edo aurreikusitako egokitzapen-aldia amaitzen denean, edo eskaera eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean.
Aurreko egoeretan aurreikusitakoak ez diren bestelako inguruabar-aldaketak gertatzen badira, langileak aurreko egoerara itzultzea eskatu ahal izango du. Enpresak eskaera hori ukatu ahal izango du soilik arrazoi objektiboak behar bezala justifikatzen baditu.
Eskubide hori erabiltzeak ez du eragozten Langileen Estatutuaren 37. eta 48 bis artikuluetan aitortutako beste kontziliazio-baimen batzuk eskatzea.
Enpresaren eta langilearen artean desadostasunik sortzen bada, Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 139. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez jo ahal izango da jurisdikzio sozialera.
ONURADUNAK
Neurri hau besteren konturako langile guztiei zuzenduta dago, lanaldi osoan zein partzialean lan egin, betiere eskubide hori erabiltzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
KONTUAN HARTU BEHARREKOA
Lanaldiaren egokitzapena lan-denbora edo lana egiteko modua berrantolatzeko tresna bat da, kontziliazio-beharrei erantzuteko, nahitaez lanaldi-murrizketara jo beharrik gabe.
Egokitzapenak lan-denboraren murrizketarik ez badakar, soldata eta Gizarte Segurantzako kotizazioak bere horretan mantentzen dira. Horregatik, tresna bereziki interesgarria da kontziliazio erantzunkidea sustatzeko eta zaintza-erantzukizunek diru-sarrerak galtzea ekar ez dezaten.
ENPRESAN AURKEZTEKO ESKABIDE-EREDUA
Eskabide-eredu bat deskargatzeko, egin klik hemen.
Azken aldaketako data:
