Ordaindutako beste baimen batzuk
DESKRIBAPENA
Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluak hainbat egoera jasotzen ditu, zeinetan besteren konturako langileek lanera ez joateko eskubidea duten, aldez aurretik jakinarazita eta arrazoia justifikatuta, ordainsaria galdu gabe.
Honako hauek dira baimenak:
-
Ezkontza edo izatezko bikotearen erregistroa: 15 egun natural.
-
Heriotzagatiko dolua:
-
10 lanegun, ezkontidea, izatezko bikotekidea edo lehen mailako odolkidetasuneko senideak (ama, aita, seme-alabak) hiltzen direnean.
-
3 lanegun, lehen mailako ezkontza-ahaidetasuneko senideak (amaginarreba, aitaginarreba, erraina edo suhia) edo bigarren mailako odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideak (neba-arrebak, aitona-amonak, bilobak, koinatu-koinatak, besteak beste) hiltzen direnean. Langileak arrazoi horrengatik joan-etorria egin behar badu, baimena 5 lanegunera luzatuko da.
Langileak baimena noiz hasi erabaki ahal izango du, betiere heriotzaren ondorengo lau asteen barruan.
Halaber, negoziazio kolektiboaren bidez baimena elkarren segidakoak ez diren egunetan hartzeko aukera ezarri ahal izango da, langileak hala aukeratzen badu, betiere baimena lau asteko epe horren barruan hartzen hasten bada.
-
-
Istripu edo gaixotasun larria, ospitaleratzea edo ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa, etxean atseden hartzea eskatzen duena: 5 lanegun, egoera horietakoren batek honako pertsona hauei eragiten dienean:
-
Ezkontideari edo izatezko bikotekideari.
-
Bigarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideei, izatezko bikotekidearen odolkidetasuneko senideak barne.
-
Langilearekin etxebizitza berean bizi den eta haren benetako zaintza behar duen beste edozein pertsonari.
-
-
Ohiko bizilekua aldatzea (etxe-aldaketa): egun 1.
-
Eginkizun sindikalak edo langileen ordezkaritzako eginkizunak betetzea: araudian edo negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzetan.
-
Jaio aurreko azterketak, erditzea prestatzeko teknikak eta adopzioarekin edo harrerarekin lotutako izapideak: jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan parte hartzeko ezinbesteko denbora. Adopzioaren, adopzio-helburuko zaintzaren edo harreraren kasuan, nahitaezko informazio- eta prestakuntza-saioetara joateko eta egokitasun-adierazpenaren aurretik egin beharreko nahitaezko txosten psikologiko eta sozialak egiteko ezinbesteko denbora ere hartzen da barne. Kasu guztietan, jarduera horiek lanaldiaren barruan egin behar direnean izango da baimena hartzeko eskubidea.
-
Nahitaezko betebehar publiko eta pertsonal bat betetzea: betebehar publiko eta pertsonal bat betetzeko ezinbesteko denbora, botoa emateko eskubidea erabiltzea barne. Arauren batek edo hitzarmen kolektiboak iraupen edo konpentsazio ekonomiko jakin bat ezartzen badu, bertan xedatutakoa aplikatuko da.
Betebehar hori betetzeak hiru hilabeteko epean lanorduen %20 baino gehiago lan egitea eragozten badio langileari, enpresak nahitaezko eszedentzia-egoerara igaro ahal izango du langilea.
Langileak betebehar edo kargu hori betetzeagatik kalte-ordainik jasotzen badu, zenbateko hori dagokion soldatatik kenduko da.
-
Lantokira iristeko ezintasuna: 4 egunera arte, agintaritza eskudunek ezarritako joan-etorrietarako gomendio, muga edo debekuen ondorioz lantokira iritsi ezin denean edo bertara heltzeko beharrezkoak diren bideetatik ibili ezin denean, edota arrisku larri eta berehalako egoera bat dagoenean, hondamendiek edo fenomeno meteorologiko kaltegarriek eragindako egoerak barne.
Lau egun igaro ondoren baimena eragin duten inguruabarrek bere horretan jarraitzen badute, baimena inguruabar horiek desagertu arte luzatuko da. Hala ere, enpresak kontratua eten edo lanaldia murriztu ahal izango du ezinbesteko kasuagatik, Langileen Estatutuaren 47.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lanaren ezaugarriek eta komunikazio-sareek horretarako aukera ematen badute, enpresak urrutiko lana ezarri ahal izango du, legezko betebeharrak betez eta beharrezko bitartekoak, ekipamenduak eta tresnak eskainiz.
-
Organoak edo ehunak ematea: dohaintzaren prestaketa-jarduerak egiteko ezinbesteko denbora, betiere jarduera horiek lanaldiaren barruan egin behar badira.
-
Hiltzeko laguntza emateko prestazioan lagun egitea (eutanasia): egun 1eko baimena, prestazioa ematen den egunean bertan, eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Baimen hori hartzeko, prestazioa jasotzen duen pertsonak langilea izendatu behar izan du une horretan lagun egin diezaion. Ez da beharrezkoa bi pertsonen artean ahaidetasun-harremanik egotea.
KONTUAN HARTZEKOA
Lanegunak langileak, bere lan-egutegiaren arabera, lan egin behar duen egunak dira.
Langileen Estatutuan jasotako baimenak gutxieneko eskubideak dira, eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboek hobetu ditzakete. Horregatik, dagokion hitzarmen kolektiboa kontsultatzea gomendatzen da, baimenen iraupena luzatu, beste egoera batzuk aurreikusi edo baimenak hartzeko baldintza onuragarriagoak ezar baititzake.
Azken aldaketako data:
