Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du bihar, asteazkena, Kantauri isurialdean prezipitazio iraunkorragatik

Argitalpen-data: 

Irekia_-_Alerta_Laranja_Prezipitazioak.png
  • Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparradak zenbait lekutan handiak izan daitezke, eta trumoi-ekaitzak ere sor daitezke.
  • Haizeagatik eta itsasaldeko arriskuagatik ere abisu horiak aktibatuko dira.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du bihar, asteazkena, azaroaren 25ean, 09:00etatik aurrera, Kantauri isurialdean prezipitazio iraunkorragatik, eta osteguneko, hilak 26, 09:00ak arte egongo da indarrean. Euskalmeten arabera, denbora-tarte horretan Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta iraunkorrak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke, eta trumoi-ekaitzak ere izan daitezke.

Era berean, hainbat abisu hori aktibatuko dira haizeagatik, Kantauri isurialdeko haizeguneetan eta haizeguneak ez diren lekuetan, baita itsasaldeko arriskuagatik ere, nabigaziorako arriskuagatik eta kostaldean inpaktuagatik.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, asteazken goizean, hilak 25, Bizkaiko golkoan sakondu eta mugituko den depresio baten igarotzeak baldintzatuko du egoera meteorologikoa. Depresio horri lotutako fronte okluditu batek prezipitazio ugari eta iraunkorrak eragingo ditu Kantauri isurialdean.

Egoera horretan, asteazkeneko 09:00etatik osteguneko 09:00etara, Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta iraunkorrak espero dira; zenbait lekutan handiak izan daitezke, eta trumoi-ekaitzak ere sor daitezke.

Euriaz gain, mendebal/ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, bereziki kostaldean, eta itsasoaren egoerak nabarmen egingo du okerrera. Goi-geruzetan aire hotza sartzeak tenperaturak eta elur-maila jaistea ere eragingo du. Asteazkenean, elur-maila 1.000 eta 1.200 metro artean koka daiteke.

Ostegunean, hilak 26, prezipitazioek Kantauri isurialdean jarraituko dute, baina pixkanaka indarra galduko dute eta gauean atertzera egingo du. Ostiraletik aurrera, presio altuak nagusituz joango dira, eta asteburuari begira eguraldia pixkanaka egonkortzea espero da.

Abisu meteorologikoak

Prezipitazio iraunkorragatik ezarritako alerta laranjaz gain, Eusko Jaurlaritzak hainbat abisu hori aktibatuko ditu asteazkenean, hilak 25, haizeagatik eta itsasaldeko arriskuagatik.

Haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Kantauri isurialdeko haizeguneetan, eta 80 km/h-koa haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki itsasertzetik gertuen dauden lekuetan. Era berean, olatuen altuera adierazgarriak 3,5-4 metro gaindi ditzake, eta arratsaldeko itsasgorarekin batera kostaldean inpaktua arriskua egongo da.

Nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia osteguneko, hilak 26, 06:00ak arte egongo da indarrean.

Abisuei, eraginpeko eremuei eta aktibazio-ordutegiei buruzko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.

Iragarpen meteorologikoen eguneratzeak Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialeko profil ofizialaren bidez jarraitzea gomendatzen da, baita Euskalmetek eskaintzen duen neurrira egindako abisuen zerbitzuan izena ematea ere.

Gomendioak

Prezipitazio iraunkorragatik alerta laranja aktibatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazi nahi die arreta handiz jokatzearen eta autobabeserako gomendioak jarraitzearen garrantzia.

Prebentzio-neurri gisa, honako hau gomendatzen da:

  • Mendira irteerarik eta aire zabaleko txangorik ez egitea.
  • Ibilgailurik ez aparkatzea eta kanpalekurik ez jartzea ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan, urak bat-batean gora eginez gero ezustean harrapa ez gaitzan.
  • Ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen lekuetatik eta urpean gera daitezkeen garajeetatik ateratzea.
  • Autoz beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea. Bidaiatzea ezinbestekoa bada, ahal dela, errepide nagusietatik eta autobideetatik zirkulatzea, arreta handiz.
  • Urak edo haizeak eraman ditzakeen objektuak kentzea, bereziki kalteak edo kutsadura eragin ditzaketenak.
  • Inguruko hustubideen egoera aztertzea eta oztoporik gabe mantentzea.

Larrialdi-egoeran:

  • Ibaietatik, ur-lasterretatik, zubietatik eta urpean gera daitezkeen eremuetatik urruntzea. Urpean dauden eremuak ez zeharkatzea, ez oinez, ez ibilgailuz, uraren indarrak eraman baikaitzake.
  • Mendi-hegalen eta muinoen behealdeak saihestea, lur-jausiak eta ur-, harri- eta lokatz-jausiak gertatzeko arriskua dela eta.
  • Etxebizitza batean uholdea gertatuz gero, sotoak eta beheko solairuak lehenbailehen uztea eta leku garai eta seguruetara joatea.
  • Etxebizitza utzi behar izanez gero, eta segurtasunez egin badaiteke, elektrizitatea deskonektatzea eta gasaren eta uraren giltzak ixtea.
  • Egoera meteorologikoaren bilakaerari buruzko informazioa kanal ofizialen bidez jarraitzea.

Larrialdiren bat gertatuz gero, 112 telefonora deitu behar da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)